XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Lasai gizona, oso errazak dira zaintzen.

Egunero ihintzatu behar dituzu, baina ilundutakoan, eguraldiak zerbait freskatu duenean.

Ez sartu sardin bururik lurrean.

Asko indartzen ditu landareak, baina harrak sortzen dira eta niri ez zaizkit harrak gaztan ere gustatzen.

Adaskaren bat ihartzen baldin bada, kimatu.

Eta argitan eduki loreak.

Dotore emango dute gainera zure etxean.

Seguru ez daukazula bat ere.

Balkoian behintzat ez daukazu.

Tira, tira, ez gelditu hor!

Besoak nekatu egiten dira!

Metxa kordea emandako panpina bezala sartu da etxean jeranioak besotan dituela.

Atzetik datorkio Maritxu gardeniekin.

- Non utziko ditut gardeniak?

Maritxuren ahotsa buru atzean somatu duenean, Metxa ohartu da ez daukala zer eginik.

Ezin libratuko dela bertako egin den auzo honetatik.

Izan gaitezen txintxoak, eta ea lehen bait lehen aldegiten duen.

Geletan miatzen hasten ez den bitartean...

- Pasiloan!

- Pasiloan?

Ez, zure hanka motel horrekin jota bota egingo dituzu pasilo estu honetan...

- Hemen, sukaldean bertan!

- Sukaldean?

Kea hartzeko?

Ezta arrimatu ere!

Maritxu andereak ate bat zabaldu du ostiko leun bat emanez.

Emaztea zenak bezalakoxe aztal zuriak dizkik.

- Hau kuxidadea!

Oraindik ohea egin gabe?

Hainbat inkontru txar ezagutu, hainbat hil-arrisku gainditu, hainbat zuhaitzetatik eroritako agirretar jatorra, marikirika ziztrin batek bentzutua dago.

Zenbat urte dituk ez zidala emakume batek errieta ematen?